Juanmi Gutiérrez

Batzuek Juanmi esaten zioten, beste batzuek Guti. Juanmi Gutiérrez Zazpi T’erdiko arima zen. Berak izan zuen gure izenaren ideia eta bereak izan ziren “Zazpi T’erdi” izendapena izan zuten lehen filmak. Zinemazale aseezina, zinemagile oparoa. Ez zen zaila izaten bera ikustea, txapela buruan, mendiko makila eskuan eta kamera begian zituela. Inguruko errealitatea kameraren pantailatxotik behatuz.

2019an joan zitzaigun Juanmi, bere azken filma amaitu berri zuela. Berak hainbeste maite zuen Rosalía de Castrok esaten zuen bezala:
“Triste é o cantar que cantamos,
mais ¿qué facer si outro mellor non hay?”

Zorionez, Juanmik bere filmografia utzi digu, bere ahots eta begiradaz bera gogoratu dezagun, baina baita ere gure mundua ezagutu dezagun.

 

Haren film guztiak hemen ikusgai: juanmigutierrez.org

Juanmi Gutierrezen ikus-entzunezko karrera 70. hamarkadan hasi zen, Super8mm-ko beste hainbat euskal zinemagilerekin batera. Aurretik Bruselaseko INSAAS zinema eskolan zinemagintza ikasi zuen. 70. eta 80 hamarkatetan zehar hainbat film labur eta dokumental zuzendu zituen. Haien artean aipatzekoak dira “Viudas de vivos e mortos”, “Itxoiten”, “Arrano beltza”, “Xalbador, gaztain kormutsa”, edo “Balantzatxoa”. Garai hartan Herri Irratian lan egiten zuen esatari moduan, eta Eusko Jaurlaritzako HABE zerbitzuan lanean hasi zen, euskarazko irakaspenerako ikus-entzunezko materiala sortzen. IKUSKA ekimenean ere parte hartu zuen “Euskaldunberriak” lan dokumentalarekin. Zinema digitalaren sorrerarekin batera, kamera analogikoak alde batera utzi eta dokumentalen zuzendaritzara pasa zen, Kany Peñalba bere emaztearen lankidetzarekin. Bere heriotza arte dokumental sorkuntzan lan oparoa izan zuen, ia-ia urtean behin film bat aurkezten zuen. Aipatzekoak dira bere lan hauek: “Tabula rasa”, “Bozes lexanas”, “Isiltasun kalea”, “Angor”, “La plaza de la música”, “Ateak zabalduz” edo “Paseko txoriak”. Euskal zinemaren historiari buruzko ikerketak ere idatzi zituen. Haien artean aipagarriak dira “Haritzaren negua: Ama lur y el Pais Vasco de los años 60”, “Sombras en la caverna: El tempo vasco en el cine”, “Mirando la vida que pasa”, “Cocinar de cine” y “Desde la frontera: el cine de Fernando Larruquert”

“Euskal zinemaren historian, gutxi izango dira Juan Miguel Gutierrez bezalakoak: haien buruei leial izanda, urratsez urrats, beren bidea zazpigarren artea deiturikoan eraiki dutenak. 40 urte daramatza lanean, zaratarik eta zalapartarik egin gabe, ekoizpena irmotasunez garatuz. Gutierrezen lana ezaugarritu duen zerbait badago, txikitatik nortasuna zizelkatu dion humanismoa izan da”.
Josemari Velez de Mendizabal

Filmografiaren laburpena

Juanmi, ezinezkoaren detektibea:
bere begiradaren bitartez ez zen ikustera mugatzen,
bere begiradaren bitartez bizitzan sartzen zen,
bertan habitatzen zuen.
Bizirik egoteak eta jende izateak suposatzen duen
eguneroko utopien detektibea, Juanmi.
Bere ahotsa oroitzen dut, entzuten dut,
bidean besteei galdezka, entzuten,
bere begiradaren bitartez niri begiratzen laguntzen,
denborak erdibiturik besteek ahaztu dutena pasioz oroitzen.
Ez nuen sekula jakin nola, baina besteak begiratzeko bere moduak
neure burua ikusten laguntzen ninduen,
Itaka neure azalean topatzen laguntzen zidan,
behin irekita ere, etengabe harritzen zaituen
opari baten moduan:
eskerrik asko, Juanmi,
begiratzen dudana entzuten irakasteagatik,
besteengan norberaren erretratua ikusten
irakasteagatik.

Oier Guillan