Paperezko ahotsak
Estibaliz Urresolarekin batera hainbat ekoizpen eta tailerretan parte hartzen dugu. Paperezko ahotsak haren lehen film luze dokumentalaren kasuan, argazki, kamera, soinu, muntaia eta ekoizpen zuzendaritzan jardun genuen. Paperezko ahotsak nagusiki telebistara bideratutako dokumentala izan zen, EITBrentzat. Hala ere, 64. Donostiako Zinemaldian aurkeztu zen eta Zinemaldia.cat-en dokumental onenaren saria jaso zuen.
Sinopsia:
1937ko abuztuaren 19a. Totalitarismoak aurrera egiten du gupidagabe. Santanderren erbesteratuta, Agirre lehendakariak Gabriel Olaizola musikariari dei egiten dio misio bat agintzeko: “Gerra galduko dugu, baina gure eginbeharra da artearen bitartez borrokan jarraitzea”. Testuinguru horretan jaio zen Eresoinka, erbesteratuek osatutako euskal artearen diziplinarteko talderik handiena, Paris eta Europako eszenatokirik onenak konkistatu zituena, bake mezua helaraziz. Baina, non datza artearen indarra? Zergatik izan daiteke borrokarako tresna?
Inazita Olaizolak eta Margaritte Truebak, abenturatik bizirik atera diren bakanetakoak, Eresoinkaren abentura ekarri digute gogora: dokumentalaren doinua. Marga Berra, Ione Miren Agirre eta Pablo Ibarluzea Parisi lotutako euskal artista gazteen eskutik datoz segidak. Haien diziplina artistikoen bitartez Eresoinkaren kontakizunaren eta mugimenduaren alderdi komunak azaltzen dizkigute, norberaren bizitzaren irudikapen gisa.