Erreplika
1979an Zikuñagako Ama Birjina desagertu egin zen eta Hernaniko biztanleek irudi ikoniko bat galdu zuten. Zulo bat horma-hobian. Hutsune kolektibo bat.
Hau hutsuneei buruzko film bat da.
Nire aita, Juanmi Gutiérrez zinegilea, duela urte batzuk hil zen. Orain, denbora tarte bat pasa denean, bere filmetara itzuli naiz memoria pertsonaleko ariketan. Irudien bitartez egiten dut memoria. Edo hobeto esanda, irudi ezaren bitartez.
Irudi baten ausentzia bere presentzia bezain indartsua izan al daiteke? Eta hala bada, zer egin hutsune horrekin?
Zuzendariaren oharrak: irudi galdua eta ahots aurkitua
Ama birjinaren desagerpenaren ondoren, Zikuñagako ermitako horma-hobian hutsune bat gelditu zen. Irudi huts hau izan zen film honen gidoia idaztera bultzatu ninduena.
Ermitako irudia desagertu zenean, herriak erreplika bat eskatu zuen, herritarren artean funtzio katalizatzailea beteko zuen irudi bat, sinestunak izan ala ez. Irudi berri bat, horma-hobiko hutsunea beteko zuena.
Aitak irudi katalizatzaile asko gordetzen zituen. Haien artean sinbolikoki garrantzia handia daukan bat gordetzen dut: “tabula rasa”, taula hutsa, idatzi gabekoa, istorio hau zirriborrotzen hasteko egokia.
Kilker kaiola txiki bat, derbitxe baten panpintxoa, Super-8 lata bat… Inguratzen nauten objektuek desagertutako irudien bilaketan laguntzen naute ikerketa filmiko honetan.
Dokumentala irudiekin sortzen da, baina ahotsaren bidez garatzen da.
Nire ahotsak gidatzen du filma, eta protagonisten ahotsek ematen diote jarraipena: iraganeko gertaerak gogoratzen dituzte, desagerpenari buruz idatzi diren dokumentu, arrasto eta testuak irakurriz.
Pertsonaletik kolektibora, ikerketa honek herri honen oroimena arakatu nahi du, irudi ezaren bidez. Eta, aldi berean, galdu berri dugun ahaidearen galeraren aurrean, irudiari eta memoriari buruzko hausnarketa planteatzen du.
Banaketa
Banaketa eta zinemaldiak: Atera Films
Deskargak:
-Afitxa
-Frames
-Press book euskara
-Press book castellano
-Press book english













