Heriotza Bikoitza
Lan kolektibo honetan sormen prozesuan parte hartu genuen, bideoa narratiban narrazio elementu moduan uztartuz.
Heriotzari eta bizitzari, bizitzari eta heriotzari edo bizirik hiltzeari eta heriotzaren ostean zabaltzen diren ateei buruzko hausnarketa da Heriotza bikoitza (Doble malta).
Fikzioak eta errealitateak leku bera partekatzen duten lerro finean dihardute aktore bik, lehenengo pertsonan hitz eginda, mintzaira poetikoa erabilita, absurdoa tarteka eta performatiboa berez. Gorputzak, soinu-giroak eta eta irudiak elkarren gainean jartzen dira, eszena bizitzaren eta heriotzaren puskekin betez.
Zer gertatzen da bizitzaren bidea amaitzen denean?
Argi esan dezagun: sorkuntza miresgarri honen atzean prozesu kolektibo eredugarri bat dago, eta hori emanaldiaren une bakoitzean igarri da. Jon Ander Alonso zuzendariak kontu hauen inguruko hainbat gai proposatu zizkien aktoreei, eta Zazpi t’erdiko bideo-sortzaileek heriotzaren mugan egon direnen testigantza harrigarriak bildu zituzten. Hortik abiatuta, Gaztañaga eta Sagardoiren lagunarteko solasaldiak jaso, haiei forma eman, eta gero, soberakinak kendu, kendu, kendu, iragazi, araztu, zozokeria oro, errazkeria oro ezabatu: hobe da gutxiegi gehiegi baino. Eta inspirazio gorenari darion umore ona aldarrikatu, eta zuzenean hartutako irudiei esangura aberasgarria eman, eta dramaturgiaren muina zen kaxoi zeharrargia metafora guztien paradigma bihurtu, eta bai Eneko bai Miren beren momentu sublimeenetan ikusi, bakoitza bere euskalki naturalean dotore, elkarrekin haserre edo power-rock-a dantzatzen, larrua jotzen, heriotzaren unean arimaren eta gorputzaren arteko banaketa irudikatzen, eta hilik egon ostean bizitzara berriz etortzeko unea maisuki ematen.
Agus Perez. Berria.